Aurkeztutako 10 trebetasunen  kudeaketa eraginkorrari esker, mobbing arriskua prebenitu egin daiteke. Alde  batetik, murriztu egiten da pertsona batek besteak jazartzeko probabilitatea;  bestetik, biktima potentzialak edo taldeak baldintza hobeak izango dituzte  egoera hori bere horretan mantendu ez dadin. Hona hemen mobbinga modurik  zuzenenean prebenitzeko balio dezaketen trebetasunak.                
                Enpatia
                Beste pertsona baten “azalean”  jartzeko eta mundua bere begiekin ikusteko gaitasun hau garatzea  jazarpen-portaerak prebenitzeko modu eraginkorra da. Jarrera psikopatiko  posibleei buruzko ikerketa guztiek argi uzten dute pertsonalitate-ezaugarri  horiek dituzten pertsonek ez dutela gaitasunik beste pertsona baten lekuan  jartzeko eta, bertatik, beste horien sentimenduak ulertzeko. Gainontzeko  pertsonen sentimendu eta ideiak onartu, baloratu eta errespetatzen ikastea  funtsezko trebetasuna da mobbing arriskua prebenitzeko.                
                Komunikazio  asertiboa 
                Asertibotasun egokia daukan pertsona  batek badaki bere eskubideak, beharrizanak eta interesak defendatzen, eta  badaki tratu iraingarriak eta aurkako jarrerak geldiarazten. Era berean,  trebetasun honen kudeaketari esker, ez da beste pertsona batzuekiko jarrera  oldarkorrik izango. Hori horrela, beste egoera batean pertsona erasotzaile gisa  joka zezakeenak, gainontzekoekin errespetuz jokatzen ikasiko du.                
                Pertsonen arteko  harremanak
                Errespetatzea, modu atseginean  jokatzea, lankidetzan aritzea, laguntzea… harreman sozial positiboak  dakartzaten portaerak dira. Modu horretan, “kutsatze efektua” sor daiteke,  pertsona bakoitza harreman onetan oinarritutako kate baten maila delarik.  Horrela, botere-gehiegikeriek ez dute tokirik laneko giroan, eta jazarpena ere  ez da onartzen.                
                Erabakiak hartzea
                Mobbing egoerapean bagaude, oso  zaila da erabaki egokiak hartzea, horrek erreakzio emozional ugari sortzen ditu  eta: antsietatea, erru sentimendua, lotsa, beldurra… Trebetasun hau garatzean,  aipatutako testuinguru zailetan erabakiak hartzeko aukera gehiago izango dugu.  Kasu batzuetan, egoera salatu beharko da (zuzendaritzan, sindikatuetan,  justizian…). Beste kasu batzuetan, gomendagarria izan daiteke erakunde toxiko  hori uztea, tratu txarrak ahalbidetzen edo sustatzen dituen erakundea da eta.                
                Arazoak eta  liskarrak konpontzea
                Mobbinga harremanen arloko gatazka  larria denez, gatazkak modu positiboan konpontzen ikastea egoera mota honi  aplikatutako eraginkortasun handiko trebetasuna da. Gatazka honetan, pertsonen  arteko inplikazioak mota desberdinetakoak izan daitezke (boterea erabiltzea,  zuzendaritzaren axolagabekeria, lankideen konplizitatea…), eta, beraz, aurpegi  asko dituen arazo soziala da.                
                Pentsamendu  kritikoa
                Trebetasun honi esker, pertsonen  arteko harremanetan gure jarrera ardazten duten estereotipo eta aurreiritziak  zalantzan jar ditzakegu. Gertakariak eta usteak desberdintzen lagunduko digun  trebetasuna da, eta, aldi berean, inguruan ditugun pertsonak modu justuan  baloratzen lagunduko digu. Sarritan, zurrumurruak ontzat hartzen ditugu,  benetakoak ote diren pentsatu barik. Ideia horiek, batzuetan, justifikatu  egiten dituzte inguruan ditugun pertsonei egiten dizkiegun gauza injustuak.  Zurrumurruen transmisioan ez parte hartzea edo bertan ez dagoen pertsona bat ez  kritikatzea modu positiboak dira nork bere burua kokatzeko eta jazarpena ez  ahalbidetzeko.                
                Emozioak eta  sentimenduak kontrolatzea
                Emozioen kudeaketa egokiari esker,  erreakzio emozionalak kontrolatu egin daitezke. Horrela, beharrezkoa ez den  ezinegona saihesten da eta ez dugu lasaitasuna galtzen erasotzailearen  probokazioen aurrean. Pertsona batek beste batzuei mobbinga egiten dienean  (horretarako baldintzak ematen direnean), bere autokontrol emozional  eraginkorra gauza ona izan daiteke, arrisku mota horiek saihesteko. Modu  horretan, besteen gaineko mespretxua albo batera uzten duten alternatibak  aktibatzen dira.