Orrialde honetan definitutako  bizitzarako 10 trebetasunak modu egokian kudeatuz gero, estresa, eta, oro har,  edozein arrisku psikosozial izateko arriskua prebenitzen da. Hona hemen  prebentzioa modurik zuzenenean ahalbidetzen duten trebetasunak.                
                Autoezagutza
                Bere burua ezagutzen duen eta bere  gaitasunetan konfiantza daukan pertsona batek motibazio handiagoa dauka estresa  eragin dezaketen egoerei aurre egiteko. Edonork garatu ditzake bere  sendotasunak eta edonork murriztu ditzake bere ahulguneak, modu horretan  autoestimua hobetuz. Pertsona batek ez dakienean laneko eskakizunei aurre  egiteko gaitasun egokiak ote dituen, antsietatea eta gainezkatze emozionala  senti ditzake. Estres arriskua saihesteko, egoera hori konpontzen lagundu diezaguketen  baliabide pertsonal eta sozial guztiak identifikatu eta aktibatu behar ditugu.                
                Komunikazio  asertiboa
                Asertibotasuna erabilgarria da  harreman osasungarri eta aberasgarriak izateko lankideekin, zuzendariekin,  erabiltzaileekin, enpresa hornitzaileekin eta abar. Estres iturriek norberaren  eskubideak mehatxupean jartzen dituztenean (lan gehiegi, neurrigabeko  eskakizunak, ordutegi luzeegiak, ordainsari desegokia eta abar), trebetasun  honen bidez egin dakioke aurre egoera horri.
                Pertsonen arteko  harremanak
                Laneko estresa sortzen duten faktore  nagusienetakoak harreman sozialak dira. Lantokian, harreman horiek taldeetako  lankideekin, erakundeko bitarteko buruzagiekin eta zuzendariekin,  hornitzaileekin, erabiltzaileekin eta abarrekin ematen dira. Harremanak modu  defizitarioan kudeatzen baditugu, estres mailek gora egingo dute.                
                Erabakiak hartzea
                Laneko bizitza erabakien sekuentzia  gisa ikus daiteke. Herri administrazioan edo enpresa pribatuan lana bilatzea,  nork bere kabuz lan egitea edo proiektu propioari ekitea, goiko buruzagiek  emandako argibideak betetzea edo ekimenak proposatzea, “hemen gauzak beti  horrela egin dira” esaldiaren inertziari jarraitzea edo berritzea… Erabaki  horiek gure bizitza ardazten duen testuinguru sozial baten eraginpean daude (esate  baterako, pertsona gehienek ezin dute lanik ez egitea erabaki), baina  askatasun-tarte handia eskaintzen dute, eta hori errealitatea eraldatzeko  erabil daiteke.                
                Arazoak eta  liskarrak konpontzea
                Arazoei aurre egiteko gai ez garela,  gatazkek gainditu egiten gaituztela eta gatazken eragina jasan behar dugula  konturatzen garenean, estresa agertzen da. Laneko bizitzan ezinbestean agertzen  diren arazoak eta gatazkak modu egokian kudeatzen ikastea (pertsonekin,  jarduerarekin, laneko egoerarekin eta abar) aukera aparta da aldaketarako,  hazkunde pertsonal eta sozialerako, eta ikasteko.                
                Tentsioak eta  estresa kontrolatzea
                Gure mundu emozionala trebeziaz  kudeatzeak ez du esan nahi antsietatea, kezka edo ezinegona saihestuko  ditugunik; izan ere, batzuetan, aurrean ditugun egoera objektiboak  estres-sortzaile handiak dira. Baina, estresaren aurrean, ez gaude  babesgabetasun egoeran; aitzitik, berau prebenitzeko, desaktibatzeko, edo,  gutxienez, leuntzeko moduan joka dezakegu. Hala ere, batzuetan, erremedio bakarra  inguruan aldaketak sartzen saiatzea da, estres iturriak desagerrarazteko edo  murrizteko.