 Laneko estresaren kasuan bezala,  burnoutari dagokionez ere, esan dezakegu aurkeztutako 10 trebezien erabilera  orekatuak saihestu egiten duela “erretzearen” arriskua. Hona hemen prebentzioa  modu zuzenenean bultza dezaketen trebeziak.
Laneko estresaren kasuan bezala,  burnoutari dagokionez ere, esan dezakegu aurkeztutako 10 trebezien erabilera  orekatuak saihestu egiten duela “erretzearen” arriskua. Hona hemen prebentzioa  modu zuzenenean bultza dezaketen trebeziak.                
                Autoezagutza
                Gure autoeraginkortasuna sendotzeko,  funtsezkoa da gure gaitasunak eta ditugun baliabideak ezagutzea; modu horretan,  laneko betekizunei aurre egingo diegu. Gure sendotasunak eta ahulguneak  zeintzuk diren jakitea (sendotasunak indartzeko eta ahulguneak konpentsatzeko)  modu eraginkorra da gure erantzukizun profesionalari errealismoz aurre egiteko,  lan jardunaren emaitzei buruzko itxaropen fantastikoak gaindituz.                
                Enpatia
                Beste pertsona batzuei zerbitzuak  ematea (sozialak, osasun arlokoak, hezkuntzakoak eta abar) burnouta izateko  arrisku berezia dakarren egoera da. Hori dela eta, garrantzitsua da ulertzea  hurkoak zer sentitzen duen, zer pentsatzen duen, zergatik eskatzen duen  zerbitzu jakin bat, zelan baloratzen duen jasotako arreta… Beste pertsona baten  “zapatetan” sartzeak ez du esan nahi arrazoia eman behar diogunik, baizik eta  bere arrazoiak ulertuko ditugula. Modu horretan, errazagoa izango da harremana  modu errealistan kudeatzea, liskarretatik urrunduta eta gure lanaren  helburuekin bat etorriz.                
                Komunikazio  asertiboa
                Pentsatzen duguna modu asertiboan  adieraztea, onartezina zaigun egoera eta horrek sentiarazten diguna  deskribatzea, eta hurrengoetan gertatzea gustatuko litzaigukeena esatea, modu  eraginkorrak dira burnouta sorraraz dezaketen egoerei aurre egiteko. Hori oso  gaitasun garrantzitsua da, beste pertsona batzuekiko kontaktuan oinarritutako  lanbideetan trebeak izateko.                
                Arazoak eta  liskarrak konpontzea
                Burnouta profesionalen eta  erabiltzaileen arteko benetako edo imajinatutako gatazken ondorioa izan  daiteke, edo burnouta duen pertsonaren eta bere konpromiso profesionalaren  arteko gatazka baten ondorioa. Gatazkak eta arazoak modu egokian prebenitu,  kudeatu eta konpontzen ikastea oso erabilgarria izan daiteke burnoutaren bilakaera  geldiarazteko orduan, eta, hala beharko balitz, berau sorrarazten duten egoerei  aurre egiteko erabakiak hartzeko orduan.                
                Pentsamendu  sortzailea
                Gaitasun honi esker, estres egoerei  konponbide berriak emateko aukerak aztertu daitezke, beti erantzun bera izan  beharrean. Era berean, modu horretan, lanetik kanpoko gure bizitzako esparru  guztiak ase daitezke: kirola, irakurketa, musika, pintura, hizkuntza, yoga…  Harreman pertsonal eta sozialak (familiarekin, lagunekin eta abar) indartzeak  ere garrantzi bera dauka. Azken batean, lana esperientzia atseginez betetako  bizitza baten parte denean, eta lanean esperientzia negatiboak baditugu, aukera  gutxiago dago esperientzia horiek gure bizitza osoa inbaditu dezaten.
                Emozioak eta  sentimenduak kontrolatzea
                Trebezia honek botere handia dauka  estresa, eta, horren ondorio posibleetako bat den burnouta, prebenitzeko.  Trebezia hori erabilgarria da gure mundu emozionaletik nabigatzen ikasteko eta  gure sentimenduek laneko harreman sozialak kutsa ez ditzaten. Kontua ez da  harreman horiek saihestea, baizik eta harremanok gainontzeko pertsonen  eskubideak kontuan hartuko dituen modu batean kudeatzea.                
                Tentsioak eta  estresa kontrolatzea
                Ikusi dugunez, “erreta egotearen”  sindromea etengabeko estres egoera baten emaitza da. Egoera hori gero eta  indartsuagoa da, eta, azkenean, pertsona hori desgastatu egiten da emozionalki.  Beste alde batetik, aldez aurreko estresa sendotzen duen egoera da; izan ere,  lanarekin pentsatzea amesgaiztoa da “erretako” pertsona horrentzat. Estresa modu  positiboan kudeatuz eta bideratuz, eta horren atzean dauden arrazoiak  gainditzeko lanean arituz, sindrome hau prebenitu egin daiteke.