Zer da?
                1974an, Herbert Freudemberg psikologoa lanean ari zen menpekotasunetarako  klinika batean; han zegoela, konturatu zen berarekin zeuden boluntario  gehienak, lankidetzako urte baten ostean, nekatuta, motibaziorik gabe,  gaixoekiko oldarkor eta “erreta” zeudela. “Burnout” izena eman zion prozesu  horri.
                Beste lanbide batzuetan ere existitzen den arren, fenomeno hori tipikoa da pertsonei babesa emateko arreta zuzena eskatzen duten lanetan. Beraien arazoetan modu pertsonalean inplikatzeko arriskua  duten profesionalak. Beste pertsona batzuekiko tratuaren ondorioz, desgaste  emozionala sortu daiteke; izan ere, baliteke “mundua salbatu” nahi izatea  zailtasun guztietan esku hartuz, jasotzen dena baino gehiago ematen dela  sentitzea, edo harremanak ez direla bidezkoak sentitzea, egiten den ahalegina  ez delako baloratzen. 
                Lanik ahulenak, besteak beste, irakaskuntzarekin,  hezkuntzarekin, esku-hartze sozial eta familiarraren eta egoitza-arretaren  esparruarekin, arlo mediko eta psikoterapeutikoaren arloarekin, poliziarekin  eta justiziako langileekin erlazionatutakoak dira. 
                Burnout sindromea lanean etengabeko estres egoera bati  ematen zaion erantzun gisa sortzen da; izan ere, estres egoera horrek  emozionalki gainditu egiten gaituelako sentsazioa sortzen du. Egin beharreko lanekiko  eta lankide ditugun pertsonekiko jarrera eta sentimendu negatiboak (interesik  eza, liskarra, etab.) pizten dituen sindromea da.
                “Barne dimisioa” izeneko prozesuarekin erlazionatutako  fenomenoa da, zeinak deskonexio emozionalari eta lanean presentzia fisiko hutsa  izateari egiten baition erreferentzia, modu efektiboan parte hartu gabe. Langileek zenbait sintoma  eta sentsazio jasaten dituzte, hala nola, neke emozionala, errealizazio  pertsonalik eza, deshumanizazioa eta zenbait adierazpen fisiko-psikologiko  nahiz jarrerazkoak.                
                Burnout sindromea ahalbidetzen duten  egoerak 
                Prozesu hau eragin dezaketen faktoreak ulertzeko, bi  dimentsio hartu behar ditugu aintzat: langilearen profila eta lanpostuaren  ezaugarriak.
                
                  Profil profesionala 
                  
                    - Gehiegizko idealismoa. Itxaropen handiak lanpostuan lor daitezkeen  helburuei dagokienez, edo helburu profesional handiegiak. Oro har, beren lanarekin oso konprometituta dauden  pertsonez ari gara, baina gerta liteke pertsona horiek ez izatea errealistak  lortu beharreko helburuekin.                
- Norberaren buruari asko eskatzea. Perfekzioagatiko obsesio etengabea, lanari  buru-belarri ekitea, bizitza osasungarria izateko garrantzi handia duten beste  alderdi batzuk baztertuz (pertsonen arteko harremanak, atsedena, zaletasunak,  etab.); horrek guztiak antsietate eta frustrazio prozesuak eragin ditzake.  Ahultasun handiagoa erakusten duten pertsonak  beraien buruei gehiegi eskatzen dietenak dira, eta, horrez gain, porrotari edo  frustrazioari dagokienez tolerantzia txikia dutenak.
- Pertsona  konprometituak dira eta gaitasun nahikoa dute, baina zenbait trebetasunetan gabeziak dituzte. Izan ere, gabezia horien  ondorioz, ez dituzte ondo neurtu lor zitzaketen helburu errealak eta ez dituzte  aintzat hartu helburu horiek lortzeko dituzten trebetasunak, une horretan lor  zezaketena baino gehiago eskatuz beraien buruei eta, ondorioz, frustrazioa  jasanez.                
Helburu handiak lortu nahi baditugu eta geure buruari  eskatzen dioguna ere asko bada, seguruenik ez dugu bazterrean utziko  proposatutako helburuetako bat bera ere eta ez dugu laguntzarik eskatuko. Horrez gain, helburu  horiek lortzeko behar den trebetasunetako bat ez badugu, litekeena da sekula ez  betetzea itxaropen horiek eta Burnout bezalako sindrome bat jasatea.
                  Lanpostuaren ezaugarriak 
                  Lanpostuaren eragina aztertzean, bi gauza desberdini egin  behar diegu erreferentzia: 
                  
                    - Laneko giro negatiboa:estres gehien sortzen duen arrazoi  nagusietako bat tentsio handiko laneko giroa da. Giro hori  autoritarioegiak diren giroetan ematen da sarrien.                
- Lanpostuaren ezaugarriak: gainkarga, egitekoak betetzeko baliabide  egokirik eza, rol profesionalaren anbiguotasuna, aldaketa etengabeak,  aintzatespen eza, laguntza eza…
Gainera, oro har, esan dezakegu laneko estres egoera  jarraitua Burnout sindromearen eragilea izan daitekeela.                
                
                Zenbait datu: 
                Burnout sindromeak ondorio larriak ditu jasaten dutenen  osasun fisiko eta psikologikoan, eta, era berean, inguru soziofamiliarrean ere  kalte larriak eragiten ditu. Nekea, neke kronikoa, zefaleak, ultzerak, loaren nahasmenak,  antsietatea, erruduntasuna, depresioa…; horrek guztiak nabarmen jaitsarazten du  pertsonaren bizi-kalitatea.
                Deskribatzen ari garena bezalako sindrome bat jasateak  eraginkortasun eta errendimendu profesionala murrizten du, zerbitzuaren  kalitatea galaraziz. Frustrazio pertsonalak komunikazio eta harreman  arazoak eragin ditzake lan ingurunean, edo alderantziz ere gerta daiteke.  Era berean, bajak eta laneko absentismo handia  eragiten ditu.
                Gero eta garrantzi handiagoa duen arrisku berria da. Horixe erakusten dute,  hain zuzen ere, Arrisku Psikosozialen Behatoki Iraunkorrak 2007an  argitaratutako txostenean jasotako datuek. Txosten horren arabera, bigarren hezkuntzako irakasleen %36k Burnout  sindromea jasaten du. http://212.170.242.18/slaboral/observ/DOCUMENTOS/informe07.pdf
                Madrilgo erkidegoko  irakasleen arrisku psikosozialak aztertzen dituen Cisneros IX (http://el-refugio.net/Estudio-cisneros-IX.pdf)  txostenaren arabera, profesional horien %22k Burnout sindromea dauka, eta %33,  berriz, gaitz horren mugan dago. 
                Medikuei  dagokienez, zenbakiak antzekoak dira. Gironako Unibertsitateko Bizitza  Kalitateari buruzko Ikerketa Institutuak 2007an argitaratutako azterketa batean  (http://www.intramed.net/UserFiles/archivos/Trabajo%20Burnout.pdf),  ondorioztatzen da osasun arloko profesionalen %36,3k  pentsatzen duela erreta daudela edo Burnout sindromea duela.
                Azterketa  horien emaitzen arabera, kasurik onenean, Burnout sindromearen eragina %22koa  da, hau da, dagokion sektorean aktibo dagoen biztanleriaren ¼. Dena dela, hartutako  neurriak ez dira nahikoa, nahiz eta sindromeak jotako askok 100 egunetik gorako  bajak hartuko dituzten edo beren gainontzeko bizitza profesionaleko  lan-errendimendua ez den izango izan beharko litzatekeena.